|
|
Indar metaketa beharrezkoa dela ondorioztatu dute Nazio Eztabaidan
Soumis par admin le 2008, Novembre 11 - 10:13
Iruñean egindako 08 Nazio Eztabaidaren osoko bilkuran ondorioztatu dutenez, «herritarren esku» dago nazio eraikuntza Guztira, 200 lagunek hartu dute parte herritarrendako ekarpen foroetan Amaia Alvarez- IRUÑEA Euskal Herriaren analisi "sakona" egiteko apustua «Herritarren esku dago euskal nazioaren eraikuntza». Eta, horretarako, «indarren metaketa» eta «lankidetza» dira beharrezko tresnak. Hori ondorioztatu zuten atzo Nazio Eztabaida Guneak antolatutako Nazio Eztabaidaren bosgarren ekitaldian. Atzo, Iruñean, 150 bat lagun inguru bildu zituen eztabaidak, halere, irailaren 28an herritarrendako ekarpen foroak abiatu zituztenetik, Nazio Eztabaidak 200 lagun inguru bildu ditu; ideologia askotako eragile sozial eta politikoak batu dira euskal nazioa eraikitzeko helburua duen ekimenean. Osoko bilkura bi ataletan banatu zuten atzo. Lehenik, Euskal Herriko egoeraren azterketa egin zuten, eta Nazio Planaren egitasmoak zehaztu zituzten gero. Alegia, egoeraren analisia egin ondoren, erronkei aurre egiteko bidea jorratu zuten. Aipatu gisa, irailaren 28an egin zuten aurten aurrenekoz herritarrendako foroa, Gasteizen. Harrezkero, beste bost hitzordu antolatu dituzte herritarren proposamenak biltzeko; Bilbon, Donostian, Iruñean, Donibane Garazin eta Uztaritzen. Foro horietan bildutako ideiak eztabaidatuz atera zituzten ondorioak. Nazio Eztabaida Guneak, halaber, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin harreman erronda «zabala» eginen duela iragarri zuen, «ikuspuntuak trukatu eta elkarlanean puntu komunak jorratzeko». Urte osoan ere hainbat foro antolatuko dituzte, herritarren parte-hartzea sustatzeko xedez. Maite Aristegi Eztabaida Guneko kideak hartu zuen osoko bilkuraren adierazpen nagusia irakurtzeko ardura. Dokumentu horrek, besteak beste, euskaldunek nortasun «sendoa» erakutsi dutela nabarmentzen du. «Hori dela eta, hamaika aldiz altxatu gara euskal nazioa eraikitzeko», dio adierazpenak. Egun ere, «erasoak hamaika» direla salatu zuen Aristegik. Ukatutako eskubideak «hainbat» direla, baina gakoa erabakitzeko ahalmena ukatua izatea dela azpimarratu zuen. Osoko bilkuran, Aristegiz gain, Eneko Compains, Mikel Irastortza, Arritxu Santamaria eta Garbiñe Bueno izan ziren mahaian. Hori bai, guztiaren gainetik, «baikortasuna» plazaratu nahi izan dute Nazio Eztabaidako parte-hartzaileak. Izan ere, euskaldunen «herri gogoak» baldintza «objektiboak» direla azpimarratu zuten. «Zailtasunen aurrean itxaropena hedatzea gu guztiongan dago», adierazi zuen Aristegik. Hala, Euskal Herriak «burujabetza» behar duela esan eta gero, norabide horretan zuzendutako aldaketa politikoa «herritarren esku» dagoela dio adierazpenak: «Ez da maiz esaten diguten bezala, gutxi batzuen artean konpondu beharreko zerbait». Are gehiago, zeregin horretan aritzeko, «asko» direla ere gaineratzen du idatziak. «Lan txikian milaka gara egunerokoan. Gure txikitasunean egiten dugun horrek daukan balioaz ohartu behar gara, denon artean obra handia eraikitzeko». Horiek horrela, Nazio Eztabaidako parte-hartzaileek, lan txikian dabiltzan «milaka» horien arteko «lankidetza» aldarrikatu dute. «Izan ere, Euskal Herrian indarra, ilusioa eta lan ahalmena egon badaude», haien aburuz. Bestalde, Euskal Herriaren egoeraren analisia egiterakoan, bi ondorio nagusi atera zituzten atzo: «Une garrantzitsuan eta zailean bizi garela». Euskal Herriak nazio gisa bizi duen «zapalkuntzak» eragiten du «zailtasun» hori, eta «biziki kezkagarria da egoera». Egoera horretatik ateratzeko, beraz, «egitura aldaketa beharrezkoa» da. Nazio Eztabaidaren ustez, halaber, garrantzitsua da «estatua gure nazioaren kontrako estrategian urrats sakonak» egiten ari dela jakitea; alegia, estrategia horren «sakontasunaz» jabetzea. Autokritika ere egin zuten atzo. Nazioa eraikitzeko gakoa den horretan ez asmatzeagatik, autokritika. «Oraindaino, abertzaleon eta herri sektoreen artean ez dago estrategia komun batekiko nahiko adostasunik», azaldu zuen Aristegik, Iruñeko Golem zinemetan egindako eztabaidan. Euskal Herriaren analisi «sakona» egiteko apustua Egitasmo gisa, hezkuntza sistema nazionala, 2009ko Aberri Eguna eta auzolana aipatu dituzte 2008 eta 2009 Nazio Planaren egitasmo nagusietako bat da Euskal Herriko egoeraren «egiturazko azterketa» egiten hastea. Hala erabaki zuten atzo Nazio Eztabaidan, etorkizunerako erronkak zehazterako tenorean. Osoko bilkuran bildutakoen ustez, 2008ko Nazio Eztabaidan jasotako ekarpenek hausnarketa horren «premia» erakutsi dute. Gainera, hezkuntza sistema nazionala, 2009ko Aberri Eguna -apirilaren 12an ospatuko dena- eta auzolana aipatu zituzten erronka gisa. Hortaz, «nazio gisa jorratu beharreko proiektua garatzeko», arlo eta eremuen beharrei erantzuteko «beharrezkotzat» jo dute Euskal Herriaren azterketa hori. Aurrerantzean eginen dituzten ekimenen artean, gogoeta horri arreta berezia ipiniko diotela ere aurreratu dute Nazio Eztabaida Guneko kideek. Iritzi bilketa izanen da lehen pausoa eta, gero, 09 Nazio Eztabaidan, lehen mugarria jarriko dute. Azken bi urteetan egin bezala, gainera, Nazio Eztabaida Guneak 2009ko Aberri Eguna «modu bateratuan» egiteko deialdia egin zuen atzo. Nazio bat gara, zazpiak bat ideiaren pean, haien helburua «indarrak metatzea» dela adierazi zuten. Hezkuntza sistema nazionalari dagokionez, hura «gorpuzten» jarraitzeko egitasmoa adostu zuten. Horren haritik urrats «garrantzitsuak» egin direla azpimarratu zuten: Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, Euskal Curriculuma eta Euskal Unibertsitatea, besteak beste. Horien karietara, proiektu horietan egin beharreko urrats berrien definizioa eta garapena «behar bezala» gauzatzeko beharra ere nabarmendu zuten. Azkenik, Zazpiak bat auzolanaren dinamikari eustea adostu zuten 08 Nazio Eztabaidaren osoko bilkuran. Ideia horri loturik, azken urteetan lurralde eta sektore ugaritako herritarren arteko harremanean «urrats handiak» egin direla aipatu zuten. Era berean, bestalde, Zuberoaren garapenerako azken urteetan egindako «urratsei» jarraipena emanen zaiela iragarri zuten.
|