"Euskal Herrian gure nazioa eraikitzeko herri gogoa pizturik dagoela ikusi ahal izan dugu"

admin(e)k bidalita 2008, azaroa 11 - 09:53(e)an.

El Plenario del Foro Debate Nacional se celebrará el 8 de noviembre en Iruñea.


DONOSTIA - eh´08 Nazio Eztabaida prozesua irailaren 25ean jarri zen abian. Urri osoan zehar eztabaida prozesuak bere garapena izan du. Mahai gainean jarritako dokumentuen gainean iritzi eta ekarpen ugari jaso dira. Horiek guztiak aintzat hartuta, datorren azaroaren 8an eztabaidaren mugarri nagusia den Osoko Bilkura ospatuko da Iruñeko Golem zinemetan. Bertan, bi dokumentu nagusi adostuko dira: Euskal Herriaren egoeraren azterketa eta eh´08- eh´09 Nazio Plana.

 


eh´08 Nazio Eztabaidak orain arte emandakoaz

Andoaingo aurkezpenean aipatu genuen bezala, eztabaida prozesu nazional, parte hartzailea eta demokratikoa da Nazio Eztabaida. Alde horretatik, Nazio Eztabaida Guneak balantze baikorra egiten du hilabete osoan zehar garatu den lanarekin eta lortu den emaitzarekin.

 

Batetik, herrialde ezberdinetan antolatu diren Ekarpen Foroak nabarmendu nahi ditugu. Izan ere, Nazio Eztabaidan Euskal Herriko herrialde ezberdinetako herritarren parte hartzea eta ikuspuntuak izatea zinez garrantzitsua baita. Beraz, eztabaidaren izaera nazionalari begira, urrats garrantzitsua izan dela deritzogu. Baina izaera nazionaletik haratago, prozesu honetan euskal herritarren parte hartzeari eta hauen iritziak biltzeari ematen diogun garrantzia ikusirik, espazio horiek artikulatu eta herritarrak bildu izanaren balorea nabarmendu behar da. Euskal Herrian gure nazioa eraikitzeko herri gogoa pizturik dagoela ikusi ahal izan dugu. Herritarrek Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan parte hartzeko gogoa daukate eta jasotako iritzi eta ekarpenak norabide horretan kokatzen dira. Gure ustez, herri gogoa da Euskal Herria nazio gisa aske bizi eta garatzeko duen osagairik garrantzitsuenetakoa eta horretarako herritarrei, parte hartzeko eta lan egiteko espazioak eskaintzea ezinbestekoa da. Nazio Eztabaida Guneak bide horretan lanean jarraituko du.

 

Bestetik, denbora honetan egindako harremanak nabarmendu nahi ditugu. Esan beharra dago, harreman hauek maila pertsonalean egin ditugula nagusiki. Euskal Herriko herrialde, sektore eta eragile ezberdinetako 200 lagun ingururekin zuzeneko harremanak egin dira, hauen iritziak eta ekarpenak bildu direlarik.

Ekarpen Foroetan, egindako harremanen eta web gunearen bidez ekarpen ugari jaso ditugu. Euskal Herriko egoeraren azterketaren ondorio nagusiekin adostasuna izan dela aipa dezakegu. Atal horretan, egoera sozio- ekonomikoaren inguruan ekarpenak ugariak izan dira. Bestetik, Nazio Planaren norabideak adostasuna izateaz gain, datozen hilabeteetarako proposatu diren egitasmoak egokiak, egingarriak eta ilusioa pizten dutenak direla nabarmendu da. Urteko erronkak osatzeari begira ekarpen eta proposamen zehatzak ere izan dira. Ekarpen horiek guztiak bildurik, Nazio Eztabaidaren Osoko Bilkurari begirako dokumentuak zehaztu dira. Jada, Osoko Bilkurako partaide diren kideei bileraren deialdia eta dokumentazio guztia igorri zaie.

 

Nazio gisa aritu: zazpiak batzeko, erabakitzeko ahalmena eskuratzeko, nazio burujabe izateko

Eztabaidan zehar, Euskal Herriak bizi duen egoeraz kezka agertu da. Nazio ukatua gara, nazio zatitua, nazio zapaldua. Alde horretatik, azken garaietan estatu espainiar eta frantsesa Euskal Herriaren kontrako erasoaldian sakontzen ari dira. Honen aurrean, Euskal Herrian egungo esparru juridiko- politikoa gainditzeko beharra agerikoa da sektore eta eremu ezberdinetan. Euskal Herriak nazio gisa aurrera egiteko, lurraldetasunean eta erabakitzeko ahalmenean oinarritzen den esparru juridiko- politiko berria behar du. Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal eta politikoak aldarri horrekin bat egiten du eta egun, aldaketa norabide horretan bultzatzeko baldintza sozial eta politikoak daude gure herrian.

 

Horregatik, Euskal Herriaren eraikuntza prozesua, sektore eta ikuspegi ezberdinetako jende eta eragileen artean elkarlanean bultzatzearen premia nabarmena da. Euskal Herria nazio gisa gorpuztu eta bere burujabetza lortzeko bidean, nazio osoko indarrak bildu eta aktibatzearen aldeko lanarekiko borondateak urratu behar dira ezinbestean. Nazio bat gara: estatuek noiz aitortuko gaituzten zain egon gabe, nazio gisa pentsatu eta aritu behar dugu. Lurralde zatiketatik zazpiak batu eta erabakitzeko eskubidearen urraketatik erabakitzeko ahalmena eskuratzeko urratsak emanaz. Hori egunez egun, eraikuntza egitasmoen bidez, espazio berriak irekiz eta ekimen ezberdinak gauzatuz egin beharra dago.

 

Zentzu horretan, Nazio Eztabaida Guneak, Euskal Herriko eragileei eta oro har euskal herritarrei, Euskal Herriaren aitortza, lurraldetasuna eta erabakitzeko ahalmena eskuratzeko, nazio gisa aritzeko deia luzatzen die. Bide horren alde asko gara gure herrian eta ezberdintasunen gainetik, batzen gaituzten ideien inguruan elkarlanean aritu behar dugu. Horixe da Euskal Herriak hainbeste merezi eta behar duen etorkizun askerako egin behar dugun bidea. Zentzu horretan, bide hori elkarrekin egin ahal izateko, azaroaren 8an Iruñean ospatuko den Nazio Eztabaidaren Osoko Bilkurak horretarako aukera ezin hobea eskaintzen du. Nazio Eztabaida Guneak, Osoko Bilkuraren ondotik, egoera aztertu eta elkarlan bideak lantzeko harreman erronda zabala egingo du Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin.

 

Donostian, 2008ko azaroaren 4an



 

hasi saioa edo harpidetu iruzkinak bidaltzeko