
eh ´08 Nazio Eztabaida
eh´08 Nazio Eztabaida prozesua irailaren 25ean jarri zen abian. Urri osoan zehar eztabaida prozesuak bere garapena izan zuen. Mahai gainean jarritako dokumentuen gainean iritzi eta ekarpen ugari jaso ziren. Horiek guztiak aintzat hartuta, azaroaren 8an Iruñean ospatu zen eta eztabaidaren mugarri nagusia izan zen Osoko Bilkurari begira, bi dokumentuak berritu ziren: Euskal Herriaren egoeraren azterketa eta eh´08- eh´09 Nazio Plana. Hona hemen, eztabaida prozesuaren balantzea osoko bilkura bitarte:
BALANTZEA. Irailak 25etik Osoko Bilkura bitarte.
Andoaingo aurkezpenean aipatu genuen bezala, eztabaida prozesu nazional, parte hartzailea eta demokratikoa da Nazio Eztabaida. Alde horretatik, Nazio Eztabaida Guneak balantze baikorra egiten du urrrian zehar garatu zen lanaz eta lortu zen emaitzaz.
Batetik, herrialde ezberdinetan antolatu ziren Ekarpen Foroak nabarmendu nahi ditugu, Nazio Eztabaidan Euskal Herriko herrialde ezberdinetako herritarren parte hartzea eta ikuspuntuak izatea zinez garrantzitsua baita. Beraz, eztabaidaren izaera nazionalari begira, urrats garrantzitsua izan zela deritzogu. Baina izaera nazionaletik haratago, prozesu horretan euskal herritarren parte hartzeari eta hauen iritziak biltzeari ematen diogun garrantzia ikusirik, espazio horiek artikulatu eta herritarrak bildu izanaren balorea nabarmendu behar da. Euskal Herrian gure nazioa eraikitzeko herri gogoa pizturik dagoela ikusi ahal izan dugu. Herritarrek Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan parte hartzeko gogoa daukate eta jasotako iritzi eta ekarpenak norabide horretan kokatu ziren. Gure ustez, herri gogoa da Euskal Herria nazio gisa aske bizi eta garatzeko duen osagairik garrantzitsuenetakoa eta horretarako herritarrei, parte hartzeko eta lan egiteko espazioak eskaintzea ezinbestekoa da. Nazio Eztabaida Guneak bide horretan lanean jarraituko du.
Bestetik, denbora horretan egindako harremanak nabarmendu nahi ditugu. Esan beharra dago, harreman hauek maila pertsonalean egin genituela nagusiki. Euskal Herriko herrialde, sektore eta eragile ezberdinetako 200 lagun ingururekin zuzeneko harremana egin zen, hauen iritziak eta ekarpenak bildu zirelarik.
Ekarpen Foroetan, egindako harremanetan eta web gunearen bidez ekarpen ugari jaso genituen; Euskal Herriko egoeraren azterketaren ondorio nagusiekin adostasuna izan zela aipa dezakegu. Atal horretan, egoera sozio- ekonomikoaren inguruan ekarpenak ugariak izan ziren. Bestetik, Nazio Planaren norabideak adostasuna izateaz gain, datozen hilabeteetarako proposatu ziren egitasmoak egokiak, egingarriak eta ilusioa pizten dutenak direla nabarmendu zen. Urteko erronkak osatzeari begira ekarpen eta proposamen zehatzak ere izan ziren. Ekarpen horiek guztiak bildurik, Nazio Eztabaidaren Osoko Bilkurari begirako dokumentuak zehaztu eta eztabaidara eraman ziren.