Milakabilaka:
Milaka eta milaka herritar Bilboko kaleetan konponbide demokratikoaren alde, 2006ko apirilaren batean, ilusioz gainezka, herritar guztien arteko mugarik gabeko elkarrizketa aldarrika.
Milaka eta milaka gara Euskal Herriaren etorkizuna herritar guztien erabaki askean oinarritu nahi ditugunak. Bake iraunkorra eta bidezkoa eraikitzeko milaka gizon eta emakumeren adostasun sendoa ari gara gorpuzten, ahalegin xume etengabean, pausoka. Horretarako herritarren hitzari aukera, bide eman behar zaio, aldez aurretiko ezarpenik eta inoren aurkako bazterkeriarik gabe. Baina urte luzetako gatazka politikoa
gainditzeko bidea oztopoz beterik dago. Hamaika saio, ahalegin, bultzada, ariketa eskatzen du bakea eraikitzeak.
Zailtasun eta oztopo guztien gainetik, Euskal Herri osoko milaka herritar bat gatoz, itxaropenari aurpegia eta ahots jartzeko asmoz. Konponbidea bideratzeko herritarren hitzari bide eman behar zaio.
Har dezagun hitza, beraz. Inor baztertuko ez duen elkarrizketa, negoziazioa eta konponbide demokratikoaren aldeko deia eragile politikoei luzatzeko. Oinarri demokratikoetan eraikitako prozesu politikoaren aldeko hitzarmena hedatzeko. Inposaturiko zatiketen gainetik, euskal herritarren hitz askearen adierazpideari aukera ematearen aldeko apustua indartzeko. Errespetua eta demokrazia aldarrikatzen duen manifestu xumea da gurea, herritar
guztiei irekia. Demokrazia eta errespetua Euskal Herriarentzat. Errespetua euskal herritar guztien eskubide guztientzat.
Demokrazia, euskal herritarren borondatea eta erabakiak errespetatuak izan daitezen, egitasmo politiko guztiak berdintasunean gauzagarri ak izanik. Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarrek erabaki behar dute. Jendeak bakea ekarriko duen prozesu eta akordio politikoa nahi du. Prozesu hori bideratzeko, akordio hori lortzeko errespetua dugu giltzarri.
Besterik ez dugu aldarrikatzen:
1. Errespetua, Euskal Herriari
2. Errespetua, herritarrei, guztien eskubideei
3. Errespetua, herritarren erabakiari.
Zure alea ere beharrezkoa da. Euskal Herriko lurralde guztietako gizon eta emakumeen borondate libre eta demokratikoaren adierazte bideak irekitzeko. Bakean, demokrazian eta errespetuan oinarritutako geroa baita Euskal Herriarentzat nahi duguna, milaka aurpegiz osaturikoa.
«Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan»