ZABALDUTAKO PROZESUAREN OINARRIAK
2003ko udatik 2004ko martxo bitarte aritu zen Nazio Eztabaida Gunea esku artean zuen egitekoa burutzen.
Nazio Eztabaida Gunea osatzen zuten 180 kideek eta eguneroko egitekoa ziurtatzeko osatu zen talde sustatzaileko kideek, norbanako gisa ihardun zuten. Taldeak, Euskal Herriko aniztasuna nahiko ondo islatzen zuen.
Testuinguru zail eta malkartsu batetan sortu eta aritu zen Nazio Eztabaida Gunea. Batetik alderdi politiko, egunkari, irrati eta herri plataforma askoren legez kanporatzea izan zuen abiapuntu. Lanean hasi eta sei hilabetetara, Martxoaren 11ean hain zuzen, Madrileko hilketak gertatu ziren. Bestetik, Euskal Herriko eragileen artean sakon errotutako mesfidantza, eta inkomunikazioa , askatu ezina zirudien korapilo baten aurrean kokatu zen ekimena.
Egoera hau gainditu eta Euskal Herriak nazio gisa bizirauteko eta garatzeko ezinbestekoak zituen baldintzak identifikatzea zuen helburu. Ondorengo erronka, haiek gauzatzeko bideak behin betirako finkatzea izanik.
Prozesu sendoa bultzatu nahi zen, non eztabaida, ideien topaketa eta herritarren partehartzea bermatuko ziren eta bake egoera justu bat lortzeko prozesu bat trinkotuko zen. Eta zailtasunak zailtasun 2004ko Udaberrian, elkar ulertzeko borondatean eta elkarlanean sustraituta, Euskal Herriko egoeraren diagnosi adostua aurkeztu zen.