2004ko Martxoaren 27an, Aberri Egunean, iniziatibaren lehenengo fruituak aurkeztu zitzaizkien euskal herritar guztiei bi proposamenetan laburtuta: bata, Nazio Eraikuntza bultzatuko zuen Nazio Garapenerako Biltzarra eratzea; bestea, Gatazkaren Konponbiderako Mahaia osatzea. Erabaki irekiak izan ziren hauek, ikuspuntu ezberdinen arteko adostasunaren ondorio, eta parte hartu zutenen konpromisoetan oinarritua.
Gatazkari konponbide bat lortzeko saioek inoiz ez dute emaitza onik lortu, ezina izan baita gutxieneko adostasunari modu iraunkor batez eustea. Aurretik, bide luzea dago ibilita eta esperientzia asko jorratuta. Nolanahi ere, izandako esperientzietatik zer ikasi ugari zegoen eta Nazio Eztabaida Guneak iraganeko akatsen errepikapena saihesteko borondate argia zuen: gutxieneko adostasunak bermatuz, batetik; eta, bestetik, herriaren parte hartze eta konpromisoa bilatuz, alegia.
Nazio Eztabaida Guneak, Gatazkaren konponbiderako plazaratu zuen proposamenak hiru atal ezberdin berezi zituen.
1.- Gatazka ulertzeko abiapuntua, bere muina eta izaera.
Gatazkaren muina. Espainia eta Frantziako estatuek ez dute onartzen Euskal Herria nazio bat denik eta horren ondorioz, Euskal Herriari ukatu egiten zaio bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
Gatazkak hainbat agerpide ditu, horien artean Nazio proiektu eta iritzi desberdinen arteko barne konfrontazioa dago.
Badira gatazka bideratzeko aukerak: Euskal Herritar gehienek elkarrizketan sinesten dute gatazkari konponbidea emateko, izaera politikoa ematen diote gatazkari eta berau modu iraunkor batez gainditzeko borondate irmoa erakusten dute. Euskal herritar gehienek hiritar guztien norbanakoaren eskubide eta eskubide kolektibo ororen errespetuaren alde azaltzen dira.
2.- Gatazkaren konponbiderako oinarriak eta ezaugarria
Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko ahalmena euskal herritarrei, gizon zein emakumeei dagokie eta Espainiako eta Frantziako estatuek erabaki hori errespetatu behar dute.
Gure lurraldeari buruzko proiektu politiko desberdinak egoteak ez du kentzen Euskal Herria izeneko entitate bat dagoela denek ezagutzea.
Giza eskubide guztiekiko begirunea, izan norbanakoen eskubideak zein eskubide kolektiboak jaso behar ditu behin betiko konponbideak.
3.- Gatazkaren konponbiderako proposamena:
Gatazka konpontzeko Mahaiaren osaketa Mahaia osatzeko arrazoi nagusia hau da: “eragile guztien artean hitz eginez bakarrik lortuko dela Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponketa ”.
Mahaiaren helburua da Euskal Herri osoko eragileen proposamen eta ekarpen ezberdinen arteko kontsensua eta adostasuna lortzea.
Mahaiaren osaketan Euskal Herrian errotuta dauden alderdi politikoak izango dute ardura nagusia.
Mahaiak babes berezia behar du eta babes hori nazioarteko eragileek eman beharko diote.
Gatazka konpontzeko Mahaiak iraupen zehatza izatea proposatzen da.