Gogoeta XXI. Gogoeta sarea

Nazio Eraikuntzak lanketa teoriko eta borroka ideologikoaren inguruan duen hutsunea nabarmena da. Nazio ukatua garen heinean, estatalismo teorikoaren monopolioa ezarri nahi dute behin eta berriro ideia berdina errepikatuz; honela, Nazio Eraikuntzan aritzen garenok baztertzaileak omen gara, Nazio Eraikuntza inposaketa omen da eta abar. Zapalduok zapaltzaile bihurtu nahi gaituzte. Kanpoko esku-hartze eta menpekotasunak nahasketa ideologikoa sortzen dute. Herri honek bizitzeko, bere burua askatzeko, bere burua antolatzeko, azken finean, bere etorkizunaren jabe izateko zilegitasun osoa du eta honek lanketa ideologikoa eskatzen du. Era berean, Euskal Herria hausnartu eta Nazio Eraikuntzaren oinarri teorikoak indartzeko beharra dugu. Zentzu honetan, Nazio Eraikuntzak sormen lana ere behar du.

Beraz, euskal pentsamendua gure nazioaren eraikuntza prozesuaren zerbitzura jartzeko lan lerroa da Gogoetarena. Euskal Herriaren eraikuntza prozesuari babes ideologikoa emateko helburua du, eta baita herri gisa egin behar ditugun hurrengo urratsak definitzeko helburua ere, herri bezala egin nahi dugun bidea nondik nora egingo dugun ahalik eta gehienen artean finkatuz. Hartara, Nazio Garapenerako Biltzarrak, euskal pentsamendua nazioaren eraikuntza prozesuaren zerbitzura jartzeko gogoeta sare bat antolatu du, GOGOETA XXI izenekoa hain zuzen ere.