Nazio Garapenerako Biltzarrak izaera soziala du. Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatuko duen herri estrategia diseinatu eta artikulatzeko lanabesa da. Nazio Eraikuntzan lanean diharduten emakume eta gizonen topagune eta auzolanerako esparrua izan nahi duelarik.
Oro har, Nazio Eraikuntzaren bidean, Euskal Herria aintzakotzat hartzen dugun eta horretarako jardunean ari garen guztion gune dinamizatzaile eta koordinatzaile izan nahi du. Dinamizatzailea dela esatean, bere organo erabakiorra Nazio Eztabaida Gunea izanik, bertan adostasunez hartutako erabakiak dinamizatu eta kudeatuko dituen erakundea izango dela adierazi nahi dugu. Era berean, helburu hauek lortzeko eta Nazio Eraikuntzaren bidean guztion indarrak norabide berean jartzeko, dinamika kohesionatu eta koordinatzeko gunea izango dugu. Horretarako, Euskal Herriak nazio gisa biziraun eta garatzeko, lehentasunezko erronkak adostu eta gauzatzeko erantzukizuna izango du.