|
|
«Nazio eraikuntzaren bidez azalerazten ditugu gatazkaren gakoak»
Enviado por admin el 2008, Noviembre 21 - 18:23.
Maite Aristegi- Nazio Eztabaida Guneko kidea 2008ko nazio eztabaida igarota, datorren urterako egitasmoak zehazten hasiak dira dagoeneko Nazio Eztabaida Gunean; «asmoak partekatzeko» harreman erronda abiatuko dute. Jokin Sagarzazu Ia bi hilabeteko lana, Euskal Herri osoan iritziak biltzen, proposamenak jasotzen, nazio eztabaidaren izaera «bizia, irekia eta parte-hartzailea» agerian uzten. Eztabaida nagusia Iruñean egin zuten, azaroaren 9an, eta berrehun bat lagun bildu ziren bertan; Maite Aristegi izan zen horietako bat. Duela bi aste, nazio eztabaida egin zenuten Iruñean. Bertan hartutako erabakien edo egitasmoen artean egoera politikoaren diagnosi edo argazki berria egin behar zela nabarmendu zenuten. Zergatik? Burujabetzaren bidean beharrezkotzat ikusten dugu Euskal Herriaren diagnostiko sakon bat egitea. Urte batzuk --lau-- pasa dira azken argazkia atera genuenetik, eta aldagai batzuk aldatu dira. Ikusten dugu badaudela oraindik ere zenbait eremu jorratu ez ditugunak. Esparru sozio-ekonomikoa gehiago aztertu behar dugula ondorioztatu dugu, esaterako. Krisialdi ekonomikoak gizartean izango duen eraginaz kezka azaldu da behin eta berriz eztabaida prozesuan. Nazio bezala garatzen jarraitzeko sortuko dituen zailtasunak edo eta aukerak aztertu beharko ditugu. Lurralde zatiketa gainditu eta herri bezala birik irautea eta garapena bultzatzearen bidean, urratsak egiten jarraitzeko lan eremuak identifikatzen lagunduko digu azterketa horrek. Egin beharreko argazki horretan, egun Europan burujabetzaren bidean diren beste herri batzuetan, Eskozian adibidez, irekitako prozesuak ere beren lekua izatea nahi dugu. Urte beteren buruan, modu parte-hartzaile batean, ideologia, herrialde eta sektore askotariko pertsonen artean, azterketa horren diseinua adostea jarri dugu helburu bezala. 2009ko nazio eztabaidan eskema hori adostu eta azterketa abiatzea erabaki zen Iruñean ospatu genuen osoko bilkuran. Bost urte igaro dira lehen nazio eztabaida egin zenetik. Egoera ekonomikoa eta politikoa aldatu egin da. Nazio eztabaidan parte hartu zuten eragileen argazkia ere aldatu da zerbait, eta banakoena ere bai, ezta? Bai, hala da. EAJren aldetik, adibidez, esan da «hilzorian» dagoela nazio eztabaida, baina guk uste dugu inoiz baino biziago eta irekiago dagoen prozesu bat dela. Nazio Eztabaida Gunea deitu edo beste izen batekin deitu, nazio eraikuntzaren beharra hor egongo da. Nazio eztabaidan jarraitzen dugun guztiok herri honetan sinesten dugu. Gure egunoroko lanaren bitartez herri bezala aurrera egin dezakegula uste dugu. Prozesu honetan parte-hartzeko gonbidapena bertan egon ziren eta egon nahi duten guztiei zabaltzen diegu, nazio eraikuntzan guztientzako baitago lana. Une garrantzitsu batean gaude, gainera. Nazio eraikuntzari oztopoak jartzeko estrategiak sakondu dituzte Espainiako eta Frantziako estatuek. Egoera zaila bada ere, uste dugu momentu egokia izan daitekeela gizartean dagoen ilusio eta behar hori egituratu eta beste eszenatoki batera igarotzeko. Lan hori ezin da unean uneko egoera politikoak eskaintzen dituen aukeren menpe utzi. Inoren zain egon gabe, horretan gaudenok indarrak metatu eta elkarlan hori bideratu behar dugu. Egunez egun herria egiten joan daitekeela utzi behar dugu agerian. Zenbateraino eragiten du egoera politikoak eragile bakoitzaren parte- hartzean, egiten dituen ekarpenetan? Nazio Eztabaida Gunea sortu zenetik argi utzi genuen egoeraren gainetik herria eraikitzen saiatu behar ginela. Gure lana oztopatzen saiatzen diren estatuek hori egiten dute; beraz, gu ezin gara egon egoera politiko zehatz baten esperoan. Zain zauden bitartean beste batzuek belarra mozten jarraituko dute. Gure lana egunerokotasunean txertatu behar da. Oinarri horrekin jarraituko dugu lanean, baina dudarik ez dago egoera politikoak asko baldintzatzen duela eragileen posizionamendua, eta zer esanik ez alderdi politikoena. Hauteskundeek asko baldintzatzen dute gure lana. Egoera hori ikusirik, egungo esparrua egonkortu nahi dute batzuek, eta beste batzuek egungo esparrua gainditu eta esparru juridiko-politiko berri baten alde indarrak metatu. Aldaketa horren nolakotasuna eta norabidea dago jokoan gau egun, horregatik diot oso momentu garrantzitsua dela. Burujabetzaren aldeko eragileek indarra metatzearen aldeko aldarrikapenak entzuten ari gara egunotan. Aldarrikapen horien oinarrian zer dago? Zer balorazio egiten duzue? Nazio Eztabaida Gunean hainbat iritzi eta sentsibilitate biltzen dira. Herri honek bizi duen egoeratik beste egoera batera igarotzeko urrats sendoak ematen badira halako indar metaketa bat egokia izan daitekeela uste dugu. Nazio Eztabaida Guneak proposatzen duen norabidearekin guztiz bat datozen iritziak eta hausnarketak entzuten ari dira. Pozgarria da benetan. Zertan datza nazio eraikuntzaren balio politikoa? Egunerokotasunean egiten dugun lan honek agerian uzten du Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza estrukturala dela. Nazio eraikuntzaren bidez, gatazkaren gakoak azalerazten dira. Horregatik da lehen mailako erronka bat nazio eraikuntza. Adibide bat jartzearren, euskal selekzioaren inguruan futbolariek eginiko adierazpena ondo baino hobeto islatzen du Euskadi kontzeptua hustua dagoela, egungo markoa agortua dagoela... Nazio eztabaidan aztertutako gaiak eta hartutako erabakiak ezagutarazteko harreman erronda bat abiatuko duzue. Eztabaida parte-hartzailea, demokratikoa eta irekia da nazio eztabaida. Azken eztabaidan finkatutako erronkak zehazte aldera, orain arte egindako harreman publiko eta pribatuetan sakondu eta nazio planetik ateratako ondorioak helarazten saiatuko gara. Errondaren bitartez, elkarlanean aritzeko aukerak eta puntu komunak aztertu nahi ditugu. Burujabetzaren alde gauden eragileen artean indar metaketa egiteko ezinbestekoa da batzuen eta besteen posizioak gerturatzea. Prozesu horretan egun ez daudenengana edo indar gehiegi jartzen ez dutenengana hurbildu behar gara, nazio eraikuntzan indar gehiago jar dezaten. Hori da gure egitekoa, gure xumetasunetik abiatuta proiektu zehatzak babestea. Euskal Herria Bai koalizioa edo Maltzagako adierazpena, adibidez. Ez gatoz eragileen lana ordezkatzera, nazio perspektiba batetik nazio egiten gaituzten oinarriak finkatzera baizik. Horren nabaria al da eragile subiranisten atomizazioa? Indar asko sakabanatuta daude. Esparru berean hainbat eragile daude lanean aldi berean, eta bidean indarra galtzen da. Horregatik, indarrak batzeko eta eraginkorragoak izateko laguntza eskaini nahi dugu Nazio Eztabaida Gunetik. Nazio eraikuntza kontzeptuaren inguruan gogeta egiteaz haratago, zer proposamen zehatz egingo ditu Nazio Eztabaidak Guneak datorren ikasturteari begira? Hezkuntza sistema nazionalean urratsak egitea eta bide horretan jarraitzea da abian dugun erronkarik garrantzitsuenetakoa. Lurralde zatiketa dela eta, egungo administrazioek ez dute benetan euskalduna den hezkuntza bat sustatzen. Ildo horretan, eta beste hainbat proiekturen artean, Euskal Unibertsitatea abiarazi nahi dugu. Harrera oso ona izan duen proiektua da Unibertsitatearena. Ekainean aurkeztu zen fundazioa eta sakontze prozesu batean sartua dago, eragileen artean egitasmoa gehiago zabaldu. Xumeagoak izanik ere, guretzat oso garrantzitsuak diren hainbat proiektu daude. Zuberoako planarekin jarraitzen dugu. Kako baserriaren inguruko ekimena oso egitasmo polita izan da. Proiektu sendoa da, gainera. Euskal Herri osoko herritarren eta eragileen laguntzarekin Zuberoako nekazarien esku halako egitasmo bat uztea oso garrantzitsua iruditzen zaigu lehen sektorearen eta Zuberoa bizirik irautearen mesedetan. Azken bi urtean egin bezala, Aberri Egun bateratua antolatzeko erabakia ere hartu genuen. |