Euskal Herriaren egoeraren azterketaren ondorioak eta 08/09 Nazio Plana zehaztu da aurtengo Nazio Eztabaida honetan. Honetaz gain, Nazio Plana osatzen duten egitasmo nagusiak izan dira hizpide, eta baita egindako adierazpena ere. Hainbat herritar zein eragileren ordezkaritza izan dira gaur goizean Iruñean Nazio Eztabaidako osoko bilkuran. Info+: www.naziogunea.net
Gaur, Iruñean, 2008ko Nazio Eztabaidaren Osoko Bilkura ospatu da. Bilkura nagusiak, hilabete eta erdiko eztabaida prozesuari mugarri nagusia jarri dio. Bertan, Euskal Herriaren egoeraren azterketaz ondorio nagusiak adostearekin batera, eh´08- eh´09 Nazio Plana onartua izan da. Honez gain, Osoko Bilkuraren adierazpena ebatzi da. Hauek dira bilkuraren ostean adosturiko ideia nagusiak.
Euskal Herriaren egoeraren azterketa: ondorio nagusiak
- Euskal Herriak une garrantzitsua eta zaila bizi du. Nazio gisa bizi duen egiturazko zapalkuntza egoera biziki kezkagarria da. Egoera hori ahalbidetzen duen esparru juridiko- politikoa gainditzeko premia agerizkoa da gure herrian. Euskal Herriak aldaketa estrukturala behar du.
- Aipatu esparru juridiko- politikoa gainditzeko aukeren aurrean, aukera hori ezinezko bihurtzeko estatuak gure nazioaren kontrako estrategian urrats sakonak ematen ari dira. Estrategia horren sakontasunaz eta Euskal Herriarentzat dituen ondorioez jabetzea garrantzitsua da.
- Euskal Herrian, nazio aitortzan, autodeterminazioan eta lurraldetasunean oinarritzen den aldaketarekiko aldekotasuna handia da. Bai eguneroko nazio eraikuntzaren bitartez islatzen dena eta baita aldarrikapenaren bidetik ageri dena ere. Baldintza sozial eta politikoak badira. Baina oraindaino, abertzaleon eta herri sektoreen artean ez dago estrategia komun batekiko nahikoa adostasunik.
- Nazio eraikuntzan egin ahaleginek eta emandako urratsek, bide horren eraginkortasuna erakusten dute. Praktikan, nazioa eraiki eta egituratzeko estrategia horretan nabarmen sakondu beharra dago. Euskal Herriaren aitortza politikorantz Euskal Herriak egin beharreko bidean pauso eraginkorrak ematea ezinbestekoa da.
- Euskal Herriaren burujabetzaren alde gauden guztiok, ezberdintasunen gainetik, aurrera begira nazio burujabe baten lorpenean bultzatu beharreko Nazio Estrategian indarrak biderkatzea dagokigu. Indarren metaketan eta lankidetzan oinarrituriko dinamikak indartzea ezinbestekoa da.
eh´08- eh´09 Nazio Planaren egitasmo nagusiak
Hezkuntza Sistema Nazionala gorpuzten jarraitu.
Azken urteetan, Euskal Herrian hezkuntza esparruari dagokionez, urrats garrantzitsuak eman dira. Orube nagusi gisa Oinarrizko Hezkuntza Akordioa kokatu behar da. Euskal Curriculuma edo Euskal Unibertsitatearen proiektuen inguruan eman urratsak ere nabarmendu behar direlarik. Egitasmo hauetan guztietan, nazio estrategiaren ikuspegian urrats garrantzitsuak eman dira. Beharrezkoa da emeki, proiektu hauetan eman beharreko urrats berrien definizioa eta garapena behar bezala gauzatzea. Hezkuntza esparruan erronka orokor horri eutsi ez ezik, Euskal Unibertsitatearen proiektuaren garapenari arreta berezia eskainiko zaio.
Zazpiak bat auzolanean dinamika.
Euskal Herrian auzolanaren praktika askotarikoa eta anitza da. Hori iraganean eta gaurko garaietan ere errealitate bat da. Halere, azken urte hauetan zazpiak bat ideiari loturik, lurralde ezberdinetako sektore eta herritarren arteko harreman eta kolaborazio bideetan urrats berriak eman dira. Datozen hilabeteetarako egiteko nagusi hauek finkatzen dira:
- Auzolan dinamikak eskatzen dituen antolaketa eta urratsen definizioan pausoak emango dira. Gune nazional eta zabal bat eratzeko urratsa emanaz.
- Zuberoaren garapenerako azken urteetan eman diren urratsei jarraipena emango zaie urtean zehar. 2008an argitaraturiko DVD bitartez, Zuberoaren egoera eta erronkak ezagutarazteaz gain, kolaboraziorako aukera berriak jorratuko dira.
Aberri Eguna. 2009ko apirilaren 12an.
Azken bi urteetan bezala, Nazio Eztabaida Guneak Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko eta gure nazio eskubideak aldarrikatzeko sustapen lana egingo du. Aberri Egunean, nazio bat gara, zazpiak bat ideiaren alde, Euskal Herrian gehiengo sozial eta politiko batek bere egiten dituen gako nagusien alde indarrak metatzea eta aktibatzea lortzea da helburu nagusia.
Nazio Eztabaida Gunearen sustapenak, Euskal Herri osoko herritarrak biltzea eta aktibatzea izango du xede. Ikuspegi ideologiko ezberdinetako lagunen deialdia gorpuztuz. Era berean, orain arteko gisan, Euskal Herriko eragile ezberdinekin harremanak landuko dira ekimena ahalik eta parte hartzaileena izateko. Abertzaleen arteko elkarlan bideak sakontzeko proposamena zehaztuko da.
Euskal Herriko egiturazko egoeraren azterketa burutzen hastea.
Euskal Herriak bizi duen ataka aintzat hartuz, nazioa nola dagoen sakon aztertzera eramango gaituen eztabaida. eh´08 Nazio Eztabaidan zehar jasotako ekarpenek hausnarketa honen premia erakusten dute. Batetik, egun Euskal Herriaren argazki sakona egitearen beharra nabarmena delako. Eta bestetik, aurrera begira, nazio gisa jorratu beharreko lehentasunei begira, proiektu oso bat garatu ahal izateko, arlo edo eremu ezberdinei erantzuteko garaian.
Honela, datozen hilabeteetan egingo diren harremanen bitartez, hausnarketa prozesu honen definizioari eskainiko zaio arreta. Hau da, eztabaidari behar den baldintzetan ekiteko, iritzi bilketa zabala egingo da. Eztabaida honen lehen mugarria eh´09 Nazio Eztabaidan jarriko litzateke. 2009ko Nazio Eztabaida bilakatuko genuke prozesu parte hartzaile eta anitza abian jarri ahal izateko une nagusia.
Nazio ikuspegian, parte hartzean eta indar metaketan oinarrituriko jardueraren bitartez garatuko dira aipatu egitasmoak eta dinamikak.
Horregatik, Nazio Eztabaida Guneak, behin eh´08 Nazio Eztabaida igarota, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin harreman erronda zabala egingo du, ikuspuntuak elkar trukatu eta elkarlanean puntu komunak jorratzeko.
Honekin batera, herritarren parte hartzean oinarrituriko lana indartzeko, urtean zehar foroak antolatuko ditu, aktibazioa bultzatu eta ekarpenak biltzeko. Honekin guztiarekin batera, bultzatuko den lana sektore eta lurralde ezberdinetako pertsonekin harremanak sendotuz garatuko da.