|
|
Nazio estrategia indarrak batuta berritu nahi du Nazio Eztabaidak
Enviado por admin el 2008, Septiembre 26 - 11:26.
Eztabaidarako foroetan ariko dira azarora arte, eta azken ondorioak aterako dituzte Iruñean, osoko bilkuran Garikoitz Goikoetxea Andoain Aurreko urteetan hasitako bideari jarraiki, Nazio Eztabaida antolatu du Nazio Eztabaida Guneak. Eztabaida parte-hartzailea sustatu nahi dute antolatzaileek, guztien ekarpenak herrialdeka aztertu eta Iruñean egingo duten osoko bilkuran erkatzeko. Eztabaida sustatzeko egin dituzten bi dokumentuak atzo aurkeztu zituzten, Nazio Eztabaidako osoko bilkura osatzen duten kideen aurrean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Lehengo urteko eztabaidatik orain artekorako egoera dute aztergai batean, eta datorren ikasturterako nazio plana bestean. Euskal Herriko egoeraz balantze ezkorra egin du Nazio Eztabaida Guneak. Taldea sortu zenetik (2003) hona Espainiako eta Frantziako estatuek «urrats kualitatiboak» egin dituztela dio egoeraz aurkeztu duten txostenak: 18/98, AAM, Udalbiltza, Egunkaria... Auzi horiek guztiek erakusten dute, Nazio Eztabaida Gunearen irudiko, «Euskal Herriarekin amaitzeko ezagutu gabeko estrategia» martxan dutela bi estatuek. Hala ere, egoeraren gako nagusia zein den argi du Nazio Eztabaida Guneak: nazio aitortza eza, hau da, «Euskal Herria subjektu politiko gisa ez onartzea». Gako nagusi horren ondorio dira, taldearen aburuz, eskubide kolektibo eta indibidualen urraketa, lurralde zatiketa eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ahalmenik eza. «Horien guztien ondorioz, XXI. mendean gure Nazioak ez du iraupena ziurtaturik». Horren aurka egiteko, ordea, lortu beharreko helburuak finkatu ditu Nazio Eztabaida Guneak. Hala nola «nazio estrategiaren beharra» indartzea, lurraldetasuna indartzea, «errealitate desberdinak» biltzea eta horien artean erronkak adostea. Adostasuna, indarrak metatzea, beharrezkotzat jotzen du taldeak. «Gure Nazioaren egoera sakon hausnartu eta datozen urteetan Nazio gisa dagozkigun eskubideak eskuratzeko indarrak metatuz garatu beharreko Nazio Estrategia finkatzeko premia agerikoa da». Metatze horren adibide, EH Bai koalizioa eta Maltzagako Mahaia aipatzen ditu txostenak. Aurrera begirakoa Egungo egoera aztertu ez ezik, etorkizunari so jarri nahi du Nazio Eztabaida Guneak, eta 2008-2009 ikasturterako lan ildoa ere zehaztu du, hori ere eztabaidatzeko. «Urrats praktikoak» egiteko garaia dela uste dute taldeko kideek, eta ekimen zehatzak iragarri dituzte: Euskal Unibertsitatearen alde lanean jarraitzea, auzolana sustatzea, hezkuntzaren eta euskararen aldeko ekimenetan kide izatea edota Aberri Egunari begira indarrak metatzeko ahalegina egitea. Eragileen artean eztabaida sustatu eta indarrak metatzeko, Euskal Herriko herrialdeetan foro bana sortu nahi dute. Oraindik ez dute zehaztu zehazki non kokatuko den gune horietako bakoitza, baina datorren asterako egitea espero dute. Foroez gain, Nazio Eztabaida Guneak harremanak abiatuko ditu gizarte eragileekin, «eztabaidaren edukiak partekatu eta ekarpenak biltzeko». Eztabaidetara joateko aukerarik ez duenak ere izango du egitasmoan hondar alea jartzeko aukera, webgunean ekarpenak eginez. Ekimen horietan parte hartzeko deia egin dute Nazio Eztabaida Guneko arduradunek, uste baitute herritarrak eta herri mugimenduak direla «aldaketarako aktibo soziala». Pentsaera desberdinak dituzten herritarren arteko indarrak biltzeko gaitasuna beharrezko jo dute. «Euskal Herriaren eraikuntza estrategiak indar metatze handi bat eskatzen du, gure ordez Euskal Herria ez baitu inork eraikiko».
|